Parte hartu

Lan taldeak

Komunikazioa

Komunikazio-batzordearen zeregin nagusia komunikazio-plan eraginkor bat garatzea eta abian jartzea da, Kilometroak 2020ko eredu berriari lotuta urtean zehar egingo diren ekimen guztiek ez ezik, amaierako jaialdi berrituak berak ere ahalik eta oihartzun handiena izan dezan. Horretarako, zenbait azpitalde arituko dira lanean urte osoan zehar; hala nola sare sozialak eta webguneak elikatzen, diseinu-lanetan, bideogintzan, prentsarekiko eta kultur eragileekiko harremanetan, eta abar.

Ikuskizunak

Batzorde honi dagokio Kilometroak 2020 jaiko egitaraua diseinatzea eta prestatzea, abestia eta bideoklipa sortzea, baita urtean zehar egingo diren bestelako ikuskizun eta ekimenak antolatu eta kudeatzea ere; betiere, Kilometroak 2020ko komunikazio-ildoak zehaztutako helburu eta balioak sustatzea xedetzat hartuta.

Azpiegiturak

Batzorde hau trafikoa eta segurtasun-neurriak kudeatzeaz arduratuko da, baita txosnak eta bestelako azpiegiturak antolatu eta muntatzeaz ere, dela Kilometroak 2020 egunean bertan, dela urtean zehar antolatuko diren bestelako ekimen eta jaialdietan.

Ekinjolasjai

Batzorde honen eginkizun nagusia ekintza ludikoak antolatu eta prestatzea da. Ekintza horiek Kilometroak 2020 egunean gauzatuko dira, jolasari ekinez jai-giroa sustatzeko helburuz. Jolasak bere-berea duen izaera eraikitzaileak, gainera, bidea irekiko dio hainbat ikastolaren zein herriren arteko elkarrekintzari zein partaidetzari.

Ekonomia

Ekonomia-batzordea bi azpitaldetan dago banatuta. 

Alde batetik, arropari loturiko eginkizunez arduratzen den taldea dago. Horri dagozkio, besteak beste, arroparen salmenta, irteeren kudeaketa (Zubimusu ikastolak zein gainontzeko ikastolek egin beharrekoak), bai eta biltegiaren kontrola ere (stocka, markatze-lana eta abar). 

Bestetik, berriz, Gure Zozketaz arduratzen den taldea dago. Horren zeregina urtarriletik ekainera bitartean Gure Zozketako boletoak saltzean datza, eta arroparekin bezalaxe, irteerak egingo dituzte horretarako. Boletoak nahiz arropa saltzeko irteerak kuadrillaka antolatuko dira.

Babesleak eta publizitatea ere batzorde honen barruan sartzen dira. Babesle batzuk Euskal Herri mailakoak izango dira; beste batzuk, Gipuzkoa mailakoak; eta gertuagora etorriz, eskualde edo bailara mailakoak ere izango dira.