Helburuak

Amasa-Villabona-Zizurkilen antolatzen ari garen ikastolen jaiaren helburu nagusia, oro har, ikastolen eredua eta irudia bailaran zabaltzea eta indartzea da. Horrez gain, Zubimusu ikastolan azken urteotan egindako aldaketak bailarari erakusteko baliatu nahi dugu festa: kooperatiba bihurtu gara, ikastolan bertan garatutako proiektu pedagogiko berria du, eraikinetan aldaketa politak egiten ari gara…

Ikastolaren komunitateari dagokionez, Kilometroak jaia antolatzeak sortzen dituen lan-dinamikak eta parte-hartzea sustraitzea eta elkarlan horrek luzaroan iraun dezan lortzea da helburua.

Bestalde, helburu ekonomikoa ere izango du jaiak. Gaur egun, ikastolak 2ZIA proiektu pedagogiko berria du, eta proiektu hori martxan jartzeak, bideratzeak, garatzeak eta gauzatzeak dakartzan gastuei aurre egiteko ezinbesteko bultzada izango da jaiarekin lortzen den dirua. Ikastolak gaur egun dituen maileguei koskatxo bat kentzeko ere balioko du.