Iritzi artikulua

Gaizka Ezeiza Legarra
Kilometroak 20 jaiaren Zubimusu ikastolako koordinatzailea
2020-02-06

Kilometroak txikia

Azken hilabete hauetan, buru-belarri aritu gara Kilometroak Txikiaren antolaketan, batzordeetako guraso eta irakasleekin batera. Kilometroak ekimenari hasiera eman genion garaian, helburu batzuk definitu genituen, urtean zehar egingo ziren ekimenetan islatuak izateko.

Egin beharreko ekimen hauetako bat Kilometroak Txikia izango zela erabaki genuen. Honen helburu nagusiak ondorengoak ziren: herrigune eta bailara mailan gure ikastolaren presentzia indartzea, gure komunitatea antolaketaren inguruan berotzen joatea eta, batez ere, ikastola herrira zabaltzea. Hori guztia lortu ahal izateko, gure komunitatearen presentziak berebiziko garrantzia zuen; beraz, argi eta garbi genuen beraiek ere protagonistak izan behar zutela.

Gure herriguneen ezaugarriak kontuan izanik, hiru ibilbide egiteko ideia agertu zen. Buruan irudikatua genuen eta argi genuen oso ekimen polita izango zela. Geure buruan hainbat gogoeta egin ondoren, honako galdera hau etorri zitzaigun burura: zer egin ikastolako ikasleen protagonismoa bermatzeko?

Une horretan, Juan Kruz Igerabidek sorturiko ipuinak hartu zuen protagonismoa, egunarekin eta ludikotasunarekin lotzeko asmoz. Hemendik sortu zen altxorraren bidea egiteko ideia, hiru bertso osatu eta horietako bakoitza herrigune batekin lotuz.

Logoa eta leloa osatzeko momentuan, aitona-amonen figura hartu genuen kontuan hainbat alditan. Zergatik ez eman protagonismoa kolektibo honi? Galdera hauei erantzuna emateko asmoz, pintxo-tertulia bat antolatu genuen beraiekin, gazteak zirenean zertan jolasten zuten azaltzeko. Hainbat eta hainbat ideia jaso genituen, eta beraien gaztetako kontakizunak entzutea zirraragarria izan zen. Egunari begira, joko horiek gaur egungo ikasle eta familiekin praktikan jarriko genituela oso argi genuen. 

Informazioa guztia esku artean genuen, guztia josi eta eguna antolatzen hasi ginen, eta konturatzerako, igande eguzkitsu eta eder hura gainean genuen. Egunari hasiera emateko hiru zutabeak martxan jarri eta altxorraren bidea ekimenari ekin genion ikastolako trikitilariek lagundurik. Zein polita, Amasako baserri, Villabonako kale eta Zizurkilgo herrigunean horrenbeste familia, ikasle eta irakasle bat eginda ikustea. Giro bikaina eta jendea alai, zer gehiago eska genezake horrelako ekimen baten aurrean. Ikaragarria izan zen Zizurkilgo Joxe Arregi plazan eta Amasa-Villabonako Errebote plazan sortu zen giroa, komunitate osoa loturik, eta lehen esan bezala, ikastola herrira zabalduz. Besterik gabe, mila esker ekimen eder hau aurrera ateratzen lagundu duzuen guztioi.

Izan ginen, gara eta izango gara! Gora Zubimusu ikastola!