Iritzi artikulua

%user(r)en irudia
Gari Berasaluze
Kazetaria eta ikastolako gurasoa

Ikastola berezi egiten duena

2018-11-29

Eguberrien atarian egin ohi duzuen lagunarteko afarian atera dituzu Gure Zozketako txartelak. 5 euro bakoitza. Saria ez da nolanahikoa, ordea. 60.000 euro zenbaki sarituarentzat. Gainera, elkartasunak bi norabideetan egiten ditu urratsak kasu honetan: txartel bakoitzeko 5 euroko laguntzari esker babes sendoa lortzearekin batera, ekarpena egiten dutenen artean milaka euroko sari ederra zozkatzen du ekimenak.

Ikastolak oraindik ere ezinbestekoa duen sostengu ekonomikoa lortzeko bideetako bat da Kilometroak, eta honen harira sortutako finantziazio iturrietako bat da Gure Zozketa. Txartel bakoitza taupada berria da Ikastolarentzat, baina lagunarteko mahaian Ikastolakoak ez diren hainbat guraso daude, eta berehala hasi dira galderak. Eta galderekin batera, ohiko eztabaida. Ea euskal eskola publikoa ez den bidea. Familia guztiek ez dutela aukerarik hilean behingo kuota ordaintzeko.  Eskola publikoak eta pribatuak. Euskara. Kultura. Aniztasuna. Baloreak. Hizkuntza ohiturak. Kalitatezko hezkuntza. Gaia mahai gainean den bakoitzean hizpidera ekartzen diren ertzak. Baina guztia galdera bakarrean laburtu du norbaitek: zertarako da Kilometroak?

Ez duzu erantzuna askorik pentsatu, baina bota duzu, ohiko erantzunetako arrazoi sendoak alde batera utzita: gurasoentzat ere ikastola berria sortzeko. Betiko ikastolak eta betiko eraikinak badituela beharrak, azpiegitura eta mantenu aldetik hobetzeko asko duela, eta horretarako ere dirua behar dela, baina batez ere gurasoentzat izango den ikastola berria sortzeko beharrezkoa dela Kilometroak.

Harrituta begiratu zaituzte gehienek, baita Ikastolako gurasoak direnek ere, poteoan hartutako moscatoek kalte egin dizutelakoan. Laster azaldu diezu, ordea, ikastola berria sortzeak ez duela zerikusirik eraikin berri batekin. Ez zarela ari horri buruz. Ikastola berria sortzeak gaur egungo gurasoek ikastolen betiko orubeak ezagutzea esan nahi duela, eta orube horien gainean eraikitzea ikastola berria, egunero, aktiboki, denok, elkarrekin. Izan ere, ikastolen eta Kilometroen oinarrian Euskal Herria aintzat hartzen duen euskarazko hezkuntza proiektu aurrerakoi baten aldeko auzolan erraldoia dago.

Ez du balio, beraz, haurra matrikulatzea eta gainerako guztiaz ahaztea, beste norbaitek egingo duelakoan. Hezkuntza denon ardura da. Garrantzitsuegia da irakasleen esku soilik uzteko. Hasieratik ulertu zuten hau guztia seme-alabak euskaraz hezteko asmoz elkartu ziren lagunek eta 1965ean Salbatore Mitxelena Ikastola sortu zutenek. Ordudanik bide luzea egin du ikastolak, hezkuntza euskaltzalean eta aitzindarian ibiltzen, ibiltzen, kilometroak eginez, oinez, zapatak puskatzen. Ikastolaren soinu banda Manoloren abestiek osatzen baitute. Eta Mendiren koloreek. Txapasen eskusoinuak. Mertxeren musikak. Gure haurrek gaurko ikastoletan abesten dituzten izenek. Sudur Gorrien festak. Gurasoen eta irakasleen eguneroko lanak. Arraun eta amets elkarrekin egiten duten ikasleek. Horregatik guztiagatik, eta askoz gehiagogatik, Ikastola herri onurarako erakundea da, garai berrietara moldatuz aurrera egiten duena, bizitza euskaratik eta euskaraz azaltzeko proiektu sendoa duena, elkarren arteko aitortzatik eta gainerako guztienganako errespetutik hasita, mundura zabalik dagoena.

Hori guztia da ikastola berezi egiten duena, eta hori guztia inoiz ez ahaztea da gurasoentzat ikastola berria nahi izatea, betiko orubeak eta oinarriak aldarrikatuz. Horretarako da Kilometroak. Auzolanari, ilusioari eta elkartasunari bidea zabaltzeko.

Gari Berasaluze