Iritzi artikulua

Mikel Ugarte Goikoetxea (Zizurkil)
Guraso ordezkaria Zubimusu ikastolako artezkaritza-kontseiluan
2020-01-21

Herri eraikuntza

Iritsi da azkenean. Hainbat saiakera egin ondoren, 2020ko Kilometroak antolatzea izango da Zubimusu ikastolaren ardura. Gure ikastolaren zeregina. Ikastola osatzen dugun guztiona. Lehen egitekoa ikastola nork osatzen dugun zehaztea izango da, beraz. Nondik, noiz eta zein baldintzatan sortu zen lehen ikastola azaltzeak luzetxo joko lidake, eta ezin uka faktore hauek guztiak asko aldatu direla. Garaiak aldatzen doaz, eta gaur egun ditugun baliabide nahiz bizi-baldintzek ez dute zerikusirik orduko herritarrek zituztenekin, zorionez. Bizi-ohiturak ere, aldatzen joan dira, oso erritmo bizkorrean, gainera.

Bada, badira ordutik hona mantentzen diren hainbat faktore. Sorrerako ikastolek zituzten helburu berak mantentzen jarraitzen dute gaur egungoek, euskara eta euskal kultura zabaltzea eta etorkizunerako ikasle konpetenteak prestatzea, besteak beste. Etorkizuneko profesionalak dira gaurko gure ikasleak, eta euren arloa edozein izango da. Gaur emango diegun hezkuntza izango da gure etorkizuneko gizartearen zutabe. Ez da gezurra, orduan, etorkizuna eraikitzen ari garela; hezkuntza gizarteko zutabe garrantzitsuena dela; eta, ikuspuntu honetatik, hezkuntzan diharduen eragile oro herri-onura dela.

Gero eta nabariagoa den eta gailentzen ari den ikuspuntu indibidualistatik irten behar dugu, eta Ikastolaren alde ari garela esaten dugunean, Herriaren alde ari garela sinistu behar dugu, hau da, gizarte osoaren alde ari garela. Indibidualistarik indibidualistenak ere onurak jasoko ditu; gaurko ikaslea izango baita gaixotzen denean osatzen lagunduko dion sendagilea; bere seme-alabak zaindu eta maitasunez heziko dituen irakaslea; herriko plazak eta zubiak diseinatuko dituen ingeniari nahiz arkitektoa; kaleak edota ospitaleak txukun mantenduko dituen garbitzailea; inguruari kolorea eta bizia emango dizkion lore-saltzailea; gure aisialdia aberastuko duen bertsolaria, idazlea, ipuin-kontalaria, kirolaria...

Egiten duena egiten duela ere, gizartean izango du bere eragina. Sinis dezagun, beraz, inongo lotsarik gabe, harrotasunez eta kontzientzia osoz, Herritik sortu ginela, Herria garela, eta Herriarentzat ari garela. Ez dakit eredu berria dugun oinarri, ala oinarri dugun benetako eredu zaharrerantz itzuliko garen, non eragile ezberdinek izango duten presentzia, garrantzia, gehiegitan ahantzia. Har dezagun, Gizarte kontzientzia.

Bazter ditzagun ezberdintasunak, lagun diezaiogun elkarri. Batera ditzagun indarrak hezkuntzak merezi duen indarra har eta izan dezan, hemen, hor ala han jaioak izan, biharko gure auzoak ezberdinen arteko kooperazioak berdindu ditzan. Kilometroak 2020, Zubimusu ikastola baina askoz ere gehiago da. Eztabaidak eztabaida, kontraesanak kontraesan, Herri eraikuntza da. Nik hala ikusten dut, hala sinisten dut.