Iritzi artikulua

Ainhoa Arozena Gabirondo
Komunikazio batzordeko kidea, gurasoa, ikasle ohia.
2020-04-16

Euskara, batzen gaituen altxorra

Euskarak egiten gaitu euskaldun, gure hizkuntzak batzen gaitu eta berezi egiten. Zaindu dezagun gure altxorra, iraganetik gugana iritsi den baino oraindik eta indartsuago irits dadin gure ondorengoengana. Zaindu eta erabil dezagun; hitz egin, goza eta zabal dezagun. Harro senti gaitezen hizkuntza txiki bezain ederra gurea delako, eta defenda dezagun bere txikitasunean, handi egiten gaituelako.

Euskarak batzen gaitu, bai. Eta beste hainbat ezaugarrik bezalaxe, une berezi hauetan, baita koronabirusak ere. Ondorio latz eta tamalgarriagoen ondoan, hamaika ekimen bere horretan uztea eta beste hainbaten antolakuntza-erritmoa moteltzea ekarri du ditxosozko birusak. Egoera horretan da une honetan Kilometroak ekimena bera ere: ohiko lan-dinamika etenda, baina inondik ere ez geratuta.

Erronka bikoitza du aurtengoan Zubimusu ikastolak; Kilometroak jaia eskualdean antolatzea, eta hori gutxi balitz, eredu berria abian jarriz, ekimena guztiz berregituratzea. Urriaren 4rako iragarrita dagoen jai nagusia antolatzeaz gain, pauso ugari eman da dagoeneko: aurkezpen ekitaldia, Kilometroak Txikia, Pello Mari Otaño ikerketa beka… Gipuzkoako hainbat ikastolatan abian jartzeko hari guztiak lotuta zituen Milimetroak ekimena, ordea, bertan behera utzi du koronabirusak. Eta a zer paradoxa!... Kilometroak ekimena bide berria egiten hasi den urtean, mundu guztia aztoratu duen birusak ibilbidea oztopatu behar… Etorriko dira, ordea, garai hobeak: ekimen ezberdinekin aurrera jarraitzeko uneak.

Azken urteotan Zubimusu ikastolak egin duen eraldaketak aipamena merezi du: eraikinen berrikuntzari lotuta ez ezik, metodologia eta eguneroko dinamikan egin duen berregituratzeagatik. Hainbat metodologiatatik ekarpenak jasoz sortutako 2ZIA proiektua: bizi-bizia, pertsona heztea helburu duena, ikasleen beharrei eta aniztasunari erantzuten diena; gizarte euskaldun, inklusibo, parekide, kooperatibo, solidario eta jasangarriaren alde egiten duena.

Herri ertain-txikiak dira Amasa-Villabona eta Zizurkil, baina jakina denez, Zubimusu ez da bertako ikastetxe bakarra. Badira gehiago, eta haien lana ere ezin da ahaztu; haur, gaztetxo nahiz gazteak euskaraz hezteko helburuarekin buru-belarri ari baitira lanean guztiak. Aukeren artean, noski, aukeratu egin behar. Bakoitzak bere arrazoiak izango ditu aukera hori egiterakoan, baina bat aukeratzeak ez luke bestearen aurkako jarrera erakutsi behar.

Euskara bezala, -eta koronabirusa alde batera utzita-, baditugu lotzen gaituzten ezaugarri gehiago ere. Eta lotzen gaituenak batu egin beharko gintuzke, ez inondik ere urrundu. Kilometroak jaiak ez du Zubimusu ikastolaren jaia soilik izan nahi, jai ireki eta parte-hartzailea baizik: herriarena eta herritarrena. Benetan ederra litzateke zubiak eraikitzeko balioko balu. Euskarak, hezkuntzak, kulturak, herriak eta, batez ere, gure seme-alabek eskertuko digute.

Urriaren 4ko jaia euskara, kultura, naziotasuna, parekidetasuna, inklusioa, ingurumena edota parte-hartzea bultzatuko dituen jaia izango da. Guztiz jai ireki eta zabala, eta guztiok gaude bertan parte hartzera gonbidatuta.