Iritzi artikulua

Beñat Ezeiza eta Aitor Zabala
Zubimusu ikastolako irakasleak. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako koordinatzailea, Aitor. Lehen Hezkuntzako koordinatzailea, eta 2ZIA proiektuko LHko dinamizatzailea, Beñat.
2020-07-15

Erronkatik Euskarajolasera

Kilometroak jaiaren baitan, DBH3 eta 4 mailetako gazteentzako Erronka izeneko ekimen berezia antolatu da azken urte hauetan. Jaia bera bizitzen ari den eredu berrirako berrikuntza prozesuan, Erronka ere norabide berrira egokitzen saiatu gara, oinarrian dagoen helburuari eutsiz: ikastoletako gazteen arteko harremana bultzatzea, giro euskaldun eta alaian. Berrikuntza honen emaitza da Euskarajolas ekimena.

Gazte nerabeentzako jarduerak antolatzeaz gain, beste adinetako kideei ere gure herriko kultura ludikoarekin loturiko proposamenak eskaini nahi dizkiegu aurten, belaunaldien arteko zubi izan daitezkeen ekimenak bultzatuz. Ildo horretan, joko eta jolas tradizionalen kultur transmisio hori gerta dadin, mahai-inguru eta bileren bidez belaunaldi zahar eta gazteagoek txikitako joko eta jolasen bizipenak partekatu dituzte, baita Kilometro Txikian praktikara elkarrekin eraman ere. Kilometroak eguneko jairako ere, gune berezia prestatu dugu ekimenari jarraipena emateko asmoz.

Gazteentzako diseinatu dugun topaketa berriari dagokionez, ikastolaren izaera euskaldun eta kooperatiboa azpimarratu nahi izan dugu. Horren haritik, jokoen emaitza edo arrakastari baino, jokatzeari berari eman nahi diogu garrantzia; hots, parte- hartzaileen arteko harremanari, eta bereziki, izaera kooperatiboa duen elkarrekintza motari.

Ikuspegi honetatik, jokatzeko motibazio-iturri edo pizgarri izan daitekeen jokoen lehiakortasuna baztertu gabe, gazteen arteko jokabide kooperatiboak eskatzen dituzten egoera anitzak hautatu edo diseinatzea izan da gure erronka berezia. Nolabait, jokoak berak kooperatzera eramaten gaituen jarduerak prestatu ditugu, lehia izanda ere, gazteek jokoan arrakasta lortu ahal izateko jokabide kooperatiboak izan daitezen jokoaren ardatz (baita ikastola desberdinetako kideen arteko elkarlana ere).

Bestalde, aurreko urteetan egin den bideari jarraipena emanez, euskararen agerpen edo presentzia ekarri nahi izan da jokora, gure hizkuntzan eta gure hizkuntzarekin jolasteko jarduera anitzak beste motatako jokoekin uztartuz. 

Azkenik, Mendimetroak ekimena ere aipatu nahiko genuke, mendimetroak.eus atarian Amasa-Villabona eta Zizurkil inguruko txoko eta paisaiak ezagutzeko proposamen interesgarriak bilduko baititugu.

Ikastoletan gaztetxoen taldeak eratzen ari dira jada, eta irailean bertan aurkezpen-bideoen  bidez ezagutu ahal izango ditugu, bai eta urriaren 4an gure herriko txokoetan elkarrekin euskaraz eta jolasean aurkituko ere. Bertan elkar ikusiko dugulakoan, Korri, Punpa, Ttak!

Laster arte.