Auzolana, hasieratik

Ikastolen sorreraren esentzia ez du bistatik galdu nahi Zarauzko Kilometroen 2019ko antolakuntza-taldeak. Horregatik, sorrerako unetik bertatik, auzolanarekin eta prozesu parte-hartzaile batekin ekin dio bidaiari.

Kilometroak 2019 jaia definituko duten leloa eta logoa behar ziren, eta ikastolako komunitatea osatzen duten guraso, ikasle eta langileek izan dute hori ontzeko beta.

Guztiek izan zuten leloa proposatzeko aukera. Dozenaka proposamen jaso ziren giro ezin hobean bizitako prozesu hartan, eta, bozketa bidez, honako lelo hau gailendu zen, gehiengoz: ‘Ni, hi, hura... ikastola mundura!’.

Leloa aukeratuta, logoa diseinatu behar zen. Ikastolako guraso eta langileen artean ditugun diseinatzaile apartek nork bere proposamena eraman zuen lantalde batera, eta, gero, batzuen eta besteen arteko fusioarekin, leloa janzten duen irudia ondu zuten.

Denda bera ere auzolanean eraiki da. Etxabe biluzi bat zena dotore jantzi dute hainbat hainbat gurasok gogor lan eginda. Dendak arropa behar, eta jantzien lantaldeak lan eskerga egin du arropa guztia aukeratu eta dendarako atontzen ere.

Auzolanak orain arte emandako fruituak oparoak izan dira, eta bide hori segitu nahi da aurrerantzean ere.