KILOMETROAK TXIKIA - IRUDI GALERIA

Gaur, urtarrilaren 26a, egun handia izan da Amasa-Villabona eta Zizurkilen. Kilometroak Txikia jaia burutu du Zubimusu ikastolak, urriaren 4ko Kilometroak jaiari begira, motorrak berotzen hasteko. Giro paregabearekin, Zubimusu ikastolako ikasle, irakasle, langile, guraso, aiton-amona nahiz herritar ugarik hartu du parte ekimenean.

Goizeko 10:30ean, hiru taldek abiapuntu ezberdinetatik eman diote hasiera euren ibilbideari: Korri taldeak Amasatik, Punpa taldeak Villabonako Etxeondo auzotik eta Ttak taldeak Zizurkilgo herrigunetik. Trikitilariek alaitutako ibilbidean, Altxorraren bila jolasa burutu dute haur eta gaztetxoek eta, modu horretan, eguerdiko Zizurkilgo ekitaldian osatzeko panelen puskak bilatu dituzte bidean barrena. Zizurkilgo Joxe Arregi plazan hiru taldeak elkartu aurretik, hiru horma-irudi aireratu dituzte Amasa-Villabona eta Zizurkilen: ‘Korri, punpa, ttak!’ logoa biltzen duten bi mural, Txermingo ikastolako paretan eta Otsabiko tunelean. Eta Pedro Mari Otañoren irudia eta bertsoa jasotzen duena bestea, haren jaiotetxeko paretan.

Eguerdian, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, Altxorraren bila jolasean aurkitutako pistak lotuz, Amaia Agirre bertsolariak idatzitako hiru bertso osatu eta bertan bildutakoen artean abestu dituzte jarraian, akordeoi doinuez lagundurik. Hamaiketakoaren eta taldeko argazkiaren txanda izan da ondoren eta Zizurkil nahiz Villabonako erraldoi eta buruhandiekin batera, kalejiran etorri dira Villabonako Errebote plazaraino. Besteak beste, aiton-amonengandik jasotako hainbat jolasetan jolasteko aukera izan dute bertaratuek. Trikitilariek alaitu dute tarte hori ere. Bigarren familia-argazki jendetsua atera ondoren amaitu da jaia arratsaldeko 14:00etan, indartsu eta gogotsu pilota jaurtiz: “Korri, punpa, ttak!”.

IKUSI KILOMETROAK TXIKIA JAIKO IRUDI GALERIA