'KORRI, PUNPA, TTAK' ILLUNBEN

Elkartasun eta ilusioz betetako eguna izan zen abenduaren 14koa Donostiako Illunben. Zubimusu ikastolak erronka handia zeukan esku artean, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, bertako sei tabernak kudeatzeko ardura baitzuen, bertsolariei nahiz finaleko antolatzaileei oturuntza prestatzearekin batera. Abenduaren 12tik hasita, Zubimusu ikastola osatzen duen komunitateko hamarnaka lagunek hartu zuen parte prestaketa lanetan nahiz larunbateko zerbitzuan. Eta erronkari gogotsu erantzunda, poza nagusitu zen guztien artean.

‘Korri, punpa, ttak’ leloak oihartzuna izan zuen tabernetako barren bi aldeetan. ‘Korri, punpa, ttak’ Illunbe atarian Kilometroak 2020ko materiala saltzen aritu ziren lagunen artean. Eta ‘Korri, punpa, ttak’ Ilunbe eta Anoeta kanpoaldeetan Tanta elkartasun-txartelak saltzen aritu zirenen artean ere. Komunitatea sendotzen ari da, indartzen, eta erronka berriei erantzuteko gogoa areagotzen.

Giro ona nagusitu zen Amasa-Villabona eta Zizurkildik lanera gerturatu ziren boluntarioen artean. Primerako giroa Illunbe kanpoaldean lanean eta, noski, primerako giroa barrualdean ere. Oihana Iguaran amasarra kantuan aritu zen finaleko zortzi bertsolarien artean, bertsotarako duen dotorezia agerian utziz. Bosgarren egin zuen. Zorionak, beste behin ere hain urrun iristeagatik.

Beste askoren artean, finalean pisua izan zuten Amasa-Villabona eta Zizurkilgo beste hainbat kidek ere; tartean Ion Zaldua billabonatarra gai-jartzaile aritu zen edota Zigor Leunda billabonatarra epaile lanetan. Bestalde, 2017ko Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa irabazi zuten Karidadeko Benta taldeko Igotz Alkorta zizurkildarrak, nahiz talde bereko eta Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan finalaurrekoetara iritsi den Unai Mendizabal zizurkildarrak banatu zituzten sarietako bi.

Larunbateko argazkiak ikusteko klikatu hemen: "Korri, Punpa, Ttak Illunben"