Kilometroen ibilbidea ireki dute, ikastolek euskararen eta euskal kulturaren transmisioan duten garrantzia nabarmenduta

Euskara, euskal kultura eta Euskal Herria ardatz hartuta abiatu dituzte Kilometroak Zarautzen, 'Ni, Hi, Hura... ikastola mundura' lelopean.

Ni, Hi eta Hura mamorruek eman diote hasiera Zarauzko Kilometroen aurkezpen-ekitaldiari, Salbatore Mitxelena ikastolaren atarian. Giro jostarian, festara etorritako erakundeetako arduradun, alderdietako ordezkari eta gonbidatuei ongietorria egitearekin batera, denboraren makina aurkeztu dute. Etorkizunera begira jartzeko eta ikastola mundura zabaltzeko, ordea, hitz batzuk sartu behar izan dituzte. Lanean jarri ditu Miriam Mendoza aurkezleak, eta gonbidatuen txanda ireki da:

Iñigo Ameztoi Mujika Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako lehendakariak hartu du hitza lehenik. Ongietorria egitearekin batera, gogora ekarri du ikastola nola sortu zen: “Txuri-beltzeko argazkien garaian, kolorea jarri zioten gure guraso eta aitona-amonek gure haurtzaroari. Etxeko hizkuntza genuena eskolara eraman genezakeen, ikastola sortu zutelako”. Euskaran eta euskal kulturan oinarrituta egin du orain arteko bidea, Ameztoik esan duenez, “baina une oro etorkizunera begiratuz”. Esan du ondo sustraitutako hiru enborren gainean dagoela eraikita ikastola: Euskal Herria marko gisa daukan hezkuntza-proiektu bakarra da, batetik; euskara eta euskal kultura da bigarren oinarria: “Guk euskara musukatu egiten dugu, eta euskal kultura besarkatu”. Azkenik, kudeaketa-eredua, guraso, langile eta ikasleek osatua: “Eredu hori da gure erabakiak hartu ahal izatea ahalbidetzen diguna; autonomia ematen diguna“.

Oinarri horien gainean jarraitu nahi dute ikastola eraikitzen, eta marko pedagogiko aitzindarian murgilduta daude horretarako. Hain zuzen, formakuntzara eta espazioen eraldaketara bideratuko dira lortutako baliabideak.

Amaitzeko, eskerrak eman dizkie festa posible izan dadin lanean jardungo diren 1.400 boluntarioei, eta boluntario horiek lanean aritu ahal izateko zaintzan arituko diren aitona-amona, osaba-izeba eta gainerako lagunei.

Kristina Uriarte Toledo Eusko Jaurlaritzako sailburuak esan du hezkuntzak ezinbestean uneoro erronka berrietara egokitu behar duela, “eta horregatik lege berri gaurkotua behar du”, esan du. Eragileekin egiten ari diren lana azpimarratu du, eta dei egin du “batzen gaituena” indartzera, “Hori da gure herri erronka”.

Xabier Txurruka Fernandez Zarauzko alkateak amets eta arraun egiten segitzeko gonbidapena egin du, Salbatore Mitxelenako leloa gogora ekarriz.

Nekane Artola Aldosoro Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakariak ikastolek euskararen transmisioan egindako lana azpimarratu du, eta aurrera begirako erronkak mahaigaineratu ditu: euskararen kalitatean azpimarra egin beharra; jaiotze-tasen jaitsierak ratioak berriz aztertzea eskatzen duela; eta atzerritik etorritako haurren gaia: “Gutxik ezagutzen dute euskara, euskal kultura. Eta horrek modu nabarmenean zailtzen du horien transmisioa. Orain arte, ikastetxeen artean ez dira modu orekatuan eskolaratu haur horiek, eta horrek segregazio-arriskua ekarri du. Aldaketak gertatzen ari dira, eta uste dugu Hezkuntza Sailak bide horretan sakondu behar duela. Gu gure aldetik hasi gara etxeko lanak egiten (harrera-planak, barneko beka-sistema…)“.
Horiek guztiak gauzatzeko hezkuntza-sistema propioa aldarrikatu du.

Bestetik, aipagai izan du Kilometroen eredu berria. Eskerrak eman dizkie azken 42 urteotan laguntzaile, babesle, eragile, boluntario eta abar ibili diren guzti-guztiei. “Ikasitako guztiarekin jarriko gara etorkizunera begira”. Eredu berrian jaia eta aldarrikapena uztartu nahi dituzte, beste molde batez. “2020ko urriaren 4an antolatuko dugu eredu berriko lehenengo Kilometroak jaia”.

Markel Olano Arrese Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak aitortza egin die ikastolari “euskara plazara” eramateagatik, “euskararen suzia heldu eta mantentzeagatik”, batetik. Bestetik, gure herriaren giltza nagusietako bat boluntario lana dela esan du, “herriak aurrera egiteko ezinbesteko giltza”, eta herri ekimen hori mantentzeagatik ere eskerrak eman dizkie ikastolei. “Lezio bat ematen diguzue horretan”.

Erakundeetako ordezkariek hitza hartu duten bakoitzean, mamorruek hitz bana sartu dute denboraren makinan: lurraldetasuna, ikastola, herria, euskara eta hezkuntza, hain zuzen. Oinarri horiek izan dira ikastolaren zutarri, eta zutarri horiekin segituko du etorkizunera begira. ‘Ni, Hi, Hura… ikastola mundura!’ abestia dantzatuz eta abestuz, eta San Pelaioko kanpaien errepika ezin ozenagoarekin eman diote hasiera Kilometroen festari.

Ibilbideak zazpi kilometro ditu, eta hiru gune: Ikastolan, Mollarrin eta malekoian. Jasangarritasuna, prebentzioa eta balio feministak izango ditu ardatz.