Puntu moreak, prebentziorako eta babesteko

Zarautzen ospatuko diren Kilometroek lantalde feminista bat izan dute urte osoan lanean, eta lan horren emaitza Kilometroak egunean bertan ere loratuko da. Hiru gunetan egongo dira puntu moreak. Gune horien funtzioa izango da kontzientziazio-lan bat egitea, Kilometroak parekidea izan dadin, batetik; eta edozein eraso sexista baldin bada, erasotua babestea, bestetik. Horretarako, presentziaz gain, eskuorriak prestatu dituzte. Esku orri horietan informazio hau ematen da: erasorik bada nola erantzun, baita ligatzeko jardunbide egokien dekalogo bat ere.

Puntu more batean, gainera, Aldarte LGTBI kolektiboarentzako arretarako elkartearekin elkarlanean jardungo dira. Mollarriko gunean egongo dira. Elkarlan honen helburua da LGTBI ikuspuntua txertatzea Kilometroen festan ere. Puntu moreetan informazioa banatuko da, hezkuntza-eremurako Aldartek sortutako materialaren berri emango da, eta edozein eraso LGTBIfobiko baldin bada, hori ere salatuko da.