Urkulluk Kilometroen ordezkaritza hartu du

Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolak antolatuko du 2019ko Kilometroak. Eredu honetako azkena izango denez, horri buruzko interesa azaldu du Iñigo Urkullu lehendakariak. Azalpenak eman dizkio Nekane Artola Ikastolen elkarteko lehendakariak. Gogorarazi dio 2020an Amasa-Villabona eta Zizurkilek hartuko diola lekukoa, baina beste eredu bateko Kilometroak izango dela datorren urteko urriaren lehen igandekoa. Artolarekin batera joan dira harrerara Iñigo Ameztoi Zarauzko ikastolako lehendakaria, Belen Murua zuzendaria eta Igor Elortza kilometroetako kidea.

Zarauzko ikastolari buruzko informazioa partekatu dute lehendakariarekin. 1.000 ikasle, 600 familia eta 100 langile ditu Salbatore Mitxelenak. Inklusibitatean, prebentzioan eta feminismoan propio egin diren lanketen berri eman diete kilometroetako antolatzaileek lehendakariari. Eta auzolanaren garrantzia azpimarratu dute. Euskararen aldeko festa hau antolatzea ezinezkoa izango zen langile, ikasle eta gurasoen parte-hartzerik gabe. Euskararen eta euskal kulturaren lanketa sakontzeko konpromisoa berretsi diote ikastolako ordezkariek lehendakariari.