Alkohol kontsumoaren prebentziorako formakuntza jaso dute arduradunek

Lukene Lizaso Agipad-eko kideak Zarauzko kilometroetako lantaldeetako arduradunei formakuntza saio bat eman die, alkoholaren eta drogaren prebentzioaren inguruan. Hainbat datu azaleratu ditu: gure gazteak 13,22 urterekin hasten dira kontsumitzen, eta lehenengo mozkorraldia 14,3 urterekin hartzen dute, batez bestekoek datuen arabera. Datu horien aurrean, kilometroetako antolakuntzatik azken urteetan ardura hartu zuten prebentzioan lana egiteko. Horregatik dauka kilometroetako lantaldeak prebentziorako lantaldea propio sortuta, gai hori lantzeko.

Lanketa horren barruan sartu zen formakuntza. Lizasok esan zuen helburua dela gazteak ohartaraztea muturreko kontsumo batek izan ditzakeen atzera bueltarik gabeko ondorioez. Hain zuzen, koma etilikoaren kontzeptua aipatu zuen. Gazteek mozkorraldi handi batekin parekatzen dutela esan zuen, baina jakinarazi behar zaiela ondorioak oso kaltegarriak izan daitezkeela beraien osasunarentzat.

Prebentzio lantaldetik hainbat neurri hartuko dira kilometroen egunean bertan: jana banatuko zaie gazteei, neurririk gabeko edanaren arriskuaz ohartaraziko zaie, eta landu diren protokoloko zenbait neurri azalduko zaizkie.

Formakuntza hau DBHko ikasleei eta prebentzio lantaldeko boluntarioei ere emango zaie.